XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitzegin bakarrik ez, ahalik eta konfidantzarik gehiena lortu behar zuen noiz edo noiz nireganaino ekarri ahal izateko.

Handik aurrerakoak nere esku geratuko ziren.

Beldur nintzen lagunaren maitaleak saltsa horretan zer demontretarako sartu behar zuen erantzungo ote zuen, baina nere harridurarako oneritzia agertu zuen.

Gaztetan bezala sentitzen naun erantzun omen zion Matematikako irakasleari.

Ez zekiena, gaztetakoak bezalako egun batzuk igarotzeagatik emaztea galtzeko zorian bukatuko zuela, baina hori ez nik eta ez nere lankideak ere ez genekien.

Normalean emazteak eramaten omen zituen alabak eskolara, baina berak goizeko lehen ordu horiek libre zituela eta nahi bazuen eramango zituela.

Emazteak ezetz, lasai egoteko, moldatzen zela eta gainera bueltakoan, de paso enkarguak ere egiten zituela eta berak, ilusio handia egingo liokeela ba noizbait lan hori bere esku utziko balu.

Azkenean amore eman zuen emazteak, baina susmo txiki batekin: gizon hau ez da ba sekula gehiegi laguntzeko horietakoa izan eta orain bapatean hainbeste interes agertzen duenerako izango da tartean zerbait, pentsatuko zuen gajoak.

Segituan ezagutuko zuen biktima, nik lankideari utzitako argazkiei esker.

Hura beti txunditzen ninduen beste detailea!

Alaba berak eramaten zuela goizero eskolara, eskutik helduta!

Handik aurrera, ordu beretsuan egingo zuten topo bi gizonek, eta horrelakoetan gertatzen den modura, kontu-kontari hasiko ziren, huntaz eta hartaz.

Ez zen egun batetik besterako kontua izan, ez.

Luze jo zuen eta nik noizbehinka galdetzen nion lankideari ea aurrerapausoren bat eman ote zuten, eta berak ia haserre erantzuten zidan: (...).